XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Arratsaldean eskolara faltsiki egin beharko duzu, Mertxe.

- Ez da egia izango? Aupa!!.

Maindirerik izan al da, bada? Frantziskok, ogi gogor borobilari puska bat eskuz erauzten ziolarik.

- Bai Enkarnak. Gainera, paper puskarekin jaso beharrekoa omen da eta zuek, Mertxe eta Joseluis, badakizue zer egin erreka iskinan.

Noski, eta txoil konten Mertxek, kabitu ezinik.

Frantziskok, halare, bazuen euriak atertuko ez zuenaren susmoa eta beldur zen, eltzetsuren batek bi umeak erreka bazterrean ikus balitza, lanak trakestuko ote zituen.

Baina, zer arraio!, egitekotan egin beharra dagoela, eta zeruak ere lagunduko ahal zien piska bat bederen, eguna haurren jolasetarako eran ipiniz.

Ttikienak, Marikarmenek, baleki zertan jarduki zuten, ez zukeen muttur goxoa jarriko, baina ez zuen ezer ulertu.

Bestela ere, amonak jostailu edo ipuin zaharren batekin mantenduko zuten etxea, anai-arreba biak errekako lana egin bitarte.

Bazkalondoren, zeruak etxekoen nahia jaso bailuen, piskana-piskana atertzera egin zuen eta Hondarribia aldetik klarazoia soma zitekeen. Lanpernetarako aroia.

Aita lanera ordu bi t`erdietarako joan zen.

Hiruretan, Mertxe eta Joseluis eskolara bezalako zakutoz, Pausoruntz beharrean, errepidean atzera egin eta berrehun bat metrotara erriberan barrena jo zuten.